XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
JOKO LAGUNAKZALDUNA, ANDREA, GIZASEME-NESKATILLA
(ANDREA ginbail ta guzi, orratz aundi bat eta lorez apainduta. Eskuan zorro pampiña ta more-kolore soñeko luzez jantzia. ZALDUNA ere oso dotore: lebita, lepoko zuri-gogor, bizar zuri, korbata beltz eta ator-eskumutur zuriak agerian. Iri'ko egurastoki-alki batean eserita daude).
ANDREA - Nere alabak ikaskizunak oso ederki bururatu dituala esan dezaizuket.
ZALDUNA - Ez nekien ezer, baiñan ez nuen gutxiago espero. Neskatxa oso artze onekoa zala aditzera ba-nuen-ta.
ANDREA - Ez daukat kejatzerik beste zenbait gurasok bezela. Beti, eskubete atsegin eman oi izan digu.
ZALDUNA - Zuretzat omengarri da. Ondo ezitzen jakin duzun siñale. Onelako seme-alabak ikustea gauza bakana da gaurko egunean.
ANDREA - Alaxen da, bai.
ZALDUNA - Nere gazte denboran, aurrak esanekoak ziran, gurasoai obeditzen zekitenak. Aita-amen kezka, buru auste ta estuasunak, arretaz artzen zituzten.... Bear bada ez jakitea obe dute.
ANDREA - Esango nuke! Orduko seme-alabak, ez dakit bada... askozaz...
ZALDUNA - Bai, askozaz ugariagoak ziran.
ANDREA - Orain aur gutxiago jaiotzen ote dan...... diotenez.
ZALDUNA - Ortan gora-berak dituzu. Orain berriz gora aldera goazela dirudi. Lengo utsuneak betetzea ez da ordea errez izango.
ANDREA - Arrazoi duzu. Ori bera esaten nion nere buruari. Pentsa!
ZALDUNA - Zer nai duzu?... Seme-alabak azitzea oraingo aldi ontan gaitza da.
ANDREA - Zeñi esaten diozu! Bizimodua gero ta garestiago dago. Zer ez dute bear seme-alabok! Nola ase aien eskea?
ZALDUNA - Nora goaz?... Zoritxarrez oraingo bizi-mañan gezurra bakarrik dago merke.
ANDREA - Orixen da egia! Ala derizkiot. Arrazoi aundia duzu!
ZALDUNA - Lurrikarak dirala, automobilletan gerta oi diran ezbearrak, abioietan iltzen dan jendea, oraingo min-bizi, eritasun, eriotz ta atomiko bomba...